2008/11/06

Aurkezpena

Ez naiz hasieratik hasi. Hasierak aurkezpen bat izan behar du eta beraz, hor doa galdera: nor naiz ni? Ba begira, ni ez naiz inor, inor ere ez. Irakurleoi axola zaizuena ez da ni nor naizen jakitea, nik zer idazten edo zeri buruz idazten dudan jakitea baino. Ni zuontzat hau naiz, blog hau.
Blog honek ordezkatzen nau eta blog honetan ikusten duzuena da garrantzitsua, ez nire nortasuna.

Ta zeri buruz idatziko dut? Gauza berri berezirik ez duzue ikusiko. Nire inguruaren ikuspuntu bat, nik garrantzitsutzat ikusten ditudan gaien inguruko kritika e.a. Gainera aipatutakoa hezkuntzarentzat erabilgarria izan daitekeen ikuspuntutik landuko dut (horregatik sarrera hauei "hezkuntza" etiketa jarriko diet). Azken finean hezkuntza gizarteratzea denez, gizartea aztertzeak beti laguntzen du, eta gainera, nire ustez dena da hezkuntzarentzat aplikagarria.


Bestalde, baldintza ezberdinek bultzatuta blog honek sarrera berezi ezberdinak izango ditu, "metablog" etiketa izango dutenak. Hots, blog honetan blog bat nola sortu edo moldatzen den ere tratatuko da. Horretarako zuen laguntza behar izango dut, zuek zeuok galdetu eta azaldu behar baituzue zer egin nahi duzuen, zeintzuk diren zuon arazoak e.a. Jarri kontaktuan nirekin email bitartez (zuen gmail kontua erabiliz nire gmail kontura idatzi) beldurrik gabe.

Baina gogoratu: ekintzen bidez ikasten da. Ordenagailuen inguruan dakidan guztia guztiz autodidakta da, nik nire kontura ikasi dut, porrot egiten eta berriz saiatzen. Galdetu dezakezuen guztiaren erantzuna badago jada interneten, gutxienez 1000 aldiz galdetuta eta 1000 aldiz erantzunda, 1000 ikuspuntu ezberdinetatik. Nik 1001. ikuspuntua baino ez dizuet emango. Ez etsi.

No hay comentarios: